XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lurraren sorrera

Hala ere, K.a. VI. mende inguruan, Anaximandro filosofo grekoak, gure planeta espazioan esekita zegoen zilindroa zela pentsatu zuen.

Aristoteles bezalako pentsatzaile batzuen ideien ondorioz, Ptolomeok Unibertsoari buruzko bere kontzeptu geozentrikoa landu zuen K.a. 140. urtearen inguruan.

Erdigunean lur-esfera zegoela pentsatu zuen eta planetak berorren inguruan, eta Eguzkia eta Ilargia ere tamaina desberdinetako zirkuluetan higitzen zirela jarri zituen.

Astro higikor horiez haraindi, berak zioenez, Unibertsoaren muga zegoen, izar finkoen esfera, alegia.

1500. urtearen inguruan, Koperniko astronomilari poloniarra, sistema ptolomearraren irregulartasun askoren arrazoia esplikatzen zela konturatu zen, baldin eta Eguzkia Unibertsoaren zentrotzat eta Lurra planeta soil gisa hartzen baziren. Sistema horri, heliozentrikoa deritzo.

Kopernikoren ideiak behaketa bidez berretsiak izan ziren eta jarraitzaile batzuk ere izan zituzten, nahiz eta garai hartako zientzi eta erlijio-arloko agintarien aldetik aurkako jarrera izan zuten.

Sistema kopernikarra onartu zuten lehen astronomilarien artean, Galileo eta Kepler izan ziren.

Aurrerago, astronomo batzuek Unibertsoa mugagabea delako teoria azaldu zuten eta izar finkoz eraturiko esfera bat gabe, espaziogune huts izugarriak daudela proposatu zuten, eta bertan beste izar batzuk higitzen direla gure planeta-sistematik haratago.

Newtonek XVII. mendeko astronomi ezagutzak osatu zituen, ortzeko gorputzen higidurek jarraitzen dituzten lege fisikoen deskribapenarekin.

XIX. mendean, izarren arteko distantziak neurtzea ahalbidetu zuten zenbait aparatu diseinatu ziren.

Era horretan, zera aurkitu zen, alegia, teleskopioaren laguntzarik gabe ikus zitezkeen izar guztiak (gutxi batzuk salbu) multzo erraldoi batekoak zirela eta Esne-Bidea edota soilik Galaxia deitu zitzaion multzo horri.

Hasiera batean Eguzkia galaxia honen erdigunean zegoela pentsatu zen, baina aurrerago egiaztatu ahal izan zenez, gure astro-multzoaren kanpoaldeko besoetako bateko izar bat gehiago besterik ez da.

Gureaz gain, milaka galaxia gehiago aurkitu dira harrezkero.

Batzuk txikiak dira, Magallaesen Hodeiak izenekoak bezalakoak, eta beste batzuk izugarri handiak, urrunen aurkitzen direnetako batzuk, adibidez.

Azken teorien arabera, Unibertsoak hedatzen jarraitzen duela uste da. Halere, ez dago inongo ziurtasunik bere benetako egiturari buruz.